Tolosaldeko udaletxe eta eskolentzako proposamena
Aipatu dugun Tolosaldeko puntu beltzen katalogoa osatzeko, herritarren laguntza ezinbestekoa da. Beraiek dira ingurunea hobekien ezagutzen dutenak. Kolaborazio hau lortzeko, argazki eta zabor (bertako kobetatik ateratakoa) erakusketa ibiltaria Tolosaldeko Udaletxe guztiei eskaini nahi diegu. Erakusketa astebetez herrietan paratzeaz gain, hitzaldi bat aurkezten dugu gure asmoak eta egitekoak plazaratzeko.
Erakusketa eta hitzaldia zuen herrietara eramateko, nahikoa da gurekin harremanetan jarri eta eskatzea. Gustuz eta gogoz gerturatuko gara. Hitzaldia hitzartzen dugun egunean, herritar orori aukera emango zaio, dudak, kezkak edo bestelakoak mahai gainean jartzeko.
Gure helburua, Gipuzkoako Diputazioaren Ingurumen sailaren laguntza ekonomikoarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearen aterkipean, ahalik eta katalogo osatuena garatzea da. Behin katalogoa osatu eta Diputazioari aurkeztu ondoren (2024 amaieran), puntu beltz hauen garbiketak gauzatzera pasako gara. Diputazioko Ingurumen Sailaren laguntza ekonomikoa baliatuz, espeleologo eta altuerako lanetan aritutako langileen bitartez gauzatuko dira garbiketak.
Lurpea Garbi Elkarteak, katalogoan agertzen diren “puntu beltz”-en garbiketak gauzatuko ditu. Kutsatutako koba, sima, leize eta isurbideen kopurua handia denez, Elkarteak zenbait lehentasun finkatu ditu lanekin hasteko. Ala nola, zaborren kutsadura edo arrisku maila, jasotzen duten ur emaria...
Aukera ederra dugu arriskuan ditugun lur azpiko uren kutsadura saihesteko. Guztion egitekoa da arazo potentzial honi irtenbidea ematea. Horixe da Lurpea Garbiren helburua eta egitekoa, baino horretarako herritar, Udaletxe eta goi administrazioaren laguntza ezinbestekoa da. Informazioa biltzea da lehen urratsa. Guztiona den uraren subiranotasuna dago jokoan. Egungo eta etorkizuneko belaunaldiek eskertuko dute.