Elkartearen sorreraren arrazoiak
Zientzialari adituen aburuz, lur azpiak ezagutzeke geratzen zaigun azken kontinentea osatzendu. Gaur egun mundu mailan lur azpiaren 25.000km-tik gora (lurraren diametro ekuatorialaren bikoitza) ezagutzen diren arren, estimazioen arabera %70-80a ezezaguna da guretzat. Kobazulo gehienak Urgondar garaiko ingurune karstikoetan agertzen dira eta karstak munduko lur azaleraren %15/20a estaltzen du. Eremu karstiko hauek arroka disolbagarrietan eratzen dira, non paisaia paregabeak sortzen dituzten azaleko eta lurpeko forma bereizgarriekin (leizeak, lapiaza, desagertzen diren errekastoak...).
Uraren milioika urtetako lanaren eraginez, karstaren barrunbeek gruyère gaztaren egitura hartu dute. Euri urak lur azpira sartzen dira eta mendiaren erraietatik ezezagunak diren kilometroetako lur azpiko bideak zeharkatu ondoren, buztin iragazkorrekin topo egiten dute iturburuetan azaleratuz. Horrela, egitura karstikoa gailentzen den lurretan, lur azpiko ur eta lakuak benetako ur erreserbak osatzen dituzte. Ur hau lur barrura iragaztean, zeharkatzen duen landaretza eta arrokaren lanari esker, garbia eta mineralizatua ateratzen da iturburuetan eta betidanik oso estimatua izan da herritar eta bizilagunen artean. Hau gutxi balitz, aldaketa klimatikoaren ondorioz nozitzen ari garen lehorte epe luzeen ondorioz, beregarrantzi eta estimazioa areagotzen ari da. Zentzu honetan eta urtegietan ez bezala, lur azpiko urek ez dute lurruntzea pairatzen; hau dela eta, baliabide estrategiko bilakatu dira etorkizun hurbileko ur eskasia momentuei aurre egiteko.
Akuifero karstikoak, munduko eskualde askotan baliabide estrategikoak dira. Euskadin, ingurune hauek lurraldeko eremu esanguratsuak hartzen dituzte eta baliabideen erauzketari dagokionez potentzial nabarmena duten akuiferoekin lotzen dira, Salubitako iturburuaren oinarri den Albizturreko akuifero karstikoa bezala.
​
​
​
​
​
​
​
​
​
Lur azpiko mundu hau, ordea, oso zaurgarria da kutsaduraren aurrean. Gainazaletik akuiferoan sartzen den euri-ura, leizeetatik lurperantz abiatzen da. Arrisku hori areagotu egiten da depresio karstikoak mota guztietako hondakinak uzteko erabiltzen badira, Txorrote eta Leizeaundia kasu, besteak beste.
Tolosaldean hainbat akuifero karstiko daude (Albiztur, Elduaien, Gatzume, Ernio, Aralar...). Urteetan zehar, eta gaur egun ere, biztanleriaren zati haundi bat bertatik hornitu da edateko ura lortzeko. Hortaz gain, ezin dugu ahaztu arkeologiak ondare kultural eta historiko gisa duen garrantzia eremu karstikoetan. Hala ere, nekez zaindu eta babestu ahal izango dugu ezezaguna zaiguna.
Lurpeko uren erabilera Euskal Autonomia Erkidegoan, bai hornikuntza-, bai industria- eta baita ureztatze ur moduan, uste baino garrantzitsuagoa da. Gaur egun, ur-hornidura lurpeko uretatik lortzen duten udalerri asko daude eta hainbat proiektu daude martxan hornidura hobetzeko lurpeko baliabideak erabilita, Tolosaldea kasu. Egoera honek agerian uzten du lurpeko urak babestea lehentasunezko helburu izan beharko litzatekeela.
Lurpeko uren babesa da gaur egun, eta izango da etorkizunean, gure gizarteak aurre egin beharko duen erronka garrantzitsuenetako bat. Zentzu honetan, lurraldearen erabilera mota guztietako hondakinen biltegi gisa, lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin du eremu askotan. Egoera horrek txarrera egin lezake etorkizunean, baldin eta beharrezko neurri egokiak hartzen ez badira.
Zehazki, hidrogeologiaren ikuspuntutik, substantzia kutsatzaile arriskutsuenak ur-fluxu naturalekin bat egiten dutenak dira, izaki bizidunentzat kaltegarri izatera heldu daitezkeelarik. Hortaz, ur-horniduraren kantitatearen arazoez haratago, uraren kalitateak berak badu nahikoa pisu merezi duen arreta emateko, bizitzarako ezinbesteko baliabidea bait da eta ez bait du ordezkorik.
Hainbat hamarkadetan zehar leize eta simetan pilatutako zaborraren eraginez eta abeltzaintzaren jardunaren ondorioz isurtzen diren purinen kutsadura dela eta, ur garbi eta mineralizatu hauek arriskuan aurkitzen dira. Lur azpiaren berezko ezaugarriak direla eta, ala nola tenperatura konstanteak, hezetasuna saturazio puntutik gertu, eguzki izpien eragin eza... kutsadura/zabor hau ia ez da desegiten eta mendeak iraun ditzake bere horretan kalteak eraginez.
Hau gutxi balitz, lur azpiko faunarengan duen eragina ere azpimarragarria delakoan gaude naiz eta oso ikerketa gutxi gauzatu diren. Ondoren aipatuko diren faunaren datuak gehienez -100m-ko sakonerara jaitsiz lortu dira, baina benetan dagoena askoz ere zabalagoa da. Horrela, ikerketak -300m-tara hedatzen badira, Enrique Beruete bioespeleologian doktore eta aditu Nafarraren aburuz, datuak biderkatu egin daitezke. Zentzu honetan, Aranzadi Zientzia Elkarteko Carlos Galan bioespeleologian doktorea denak argitaratutako dokumentuetan jasotzen denez, Gipuzkoan kobazuloak erabiltzen dituzten 400 espezie ezberdin ditugu. Horietatik 116 espezie, 34 familia ezberdinetako troglobioak dira. Hau da, Gipuzkoak erakusten duen fauna troglobioaren dibertsitatea itzela da. Gipuzkoak 2.000 kilometro karratuko azalerarekin aurkezten duen fauna troglobioaren dibertsitatea, mundu mailako bataz bestekoa baino mila bider handiagoa da. Beraz Gipuzkoa mundu osoko 5 puntu edo zonalde dibertsoenen artean aurkitzen da. Biogeografia eta eboluzioaren ikuspegitik, Gipuzkoako zenbait troglobio espezie paleoendemismoak dira. Gipuzkoa eta inguruko eskualdeen endemismo portzentajea %81ekoa da eta 48 espezie esklusiboki Gipuzkoarrak dira.
Gipuzkoan ezagutzen ditugun troglobioak ia esklusiboki artropodoak dira: kolenboloak, anfipodoak, araknidoak... Fauna honen arazo nagusia, biotopo mineral batean bizitzearen ondorioz, elikagai eskasia da. Horrela, elikagaiak lortzeko, kanpotik sartzen den materia organikoaren menpe daude. Zentzu honetan, hipotesi zentzuduna dirudi, zaborrak eta kutsadurak beraien gan izan dezakeen inpaktu negatiboa itzela izan daitekeela. Hau da, biodibertsitate ezagun ikusgarri hau eta zientziarentzat oraindik ezezagunak diren ainbat espezie, iraungitze arriskuan egon daitezke. Dena dela, ikerketa lerro berriak irekitzea ezinbestekoa da. Gure espeziaren ikuspegitik eta bioteknologia modernoaren aroan egonik, milioika urtetan bizirik iraun duten animalia hauen geneak altxor estima ezinak izan daitezke medikuntzarentzat.
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
Laburbilduz, koba eta simen garbiketa eta lehengoratzearen ondorioz, lur azpiko uren kutsatzea ekidin eta leizetako faunaren dibertsitatea gorde edo mantendu nahi da, egungo eta etorkizuneko belaunaldiek baliabide natural hauetaz gozatzen jarrai dezaten. Arkeologia gure iraganaren atea izanik eta ura guztion ahotan dagoen garai hauetan, karstaren inguruan neurriak hartzeko eta beharrezko pausoak ematen hasteko garaia dela uste dugu. Asmoa ez da errudunak aurkitzea, baizik eta egoera aztertzea, beharrak identifikatzea eta helburu argiak dituen lan-plan bat ezartzea, beti ere lurpea babesteko helmuga nagusiarekin. Proiektu orokorraren lehen faserako lan eremua eta banku proba Tolosaldeko koba eta simetan finkatuko da, beharrezko esperientzia lortuz eta protokoloak finkatuz. Horrela proiektuaren helmuga, helburuak lortu ahala ekimen esparrua Gipuzkoa osora zabaltzea da.
Pseudoeskorpioi troglobioa